XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Perturren bigarren heriotza

Joan den astean irakurri dut Irungo epaitegian Perturren heriotza behingoz deklaratzeko tramiteetan dabiltzala, hamasei urte badirelako desagertu (arazi?) zenetik.

Gabriel García Márquezen esaldi bat ekarri dit gogora, Cien años de soledad en José Arcadiok bere emazteari esaten diona, zeinak herri kaskar batean gelditu nahi duen bizitzen semea han jaio delako.

Inor ez da inongoa hildako bat lurpean ez duen bitartean.

Euskal Herria nahiko Macondotarra (herri kaskarraren izena) iruditu izan zait beti, eta José Arcadioren hitzei bueltatxo bat emanez, esan daiteke hildako bat ez dela inorena lurpean ez dagoen bitartean.

Lurpean dagoenean, sendiak zainduko du haren hilobia, loreak jarri, maiteak amestuko du noizbehinka nolakoa izan ote zitekeen, bizirik iraun balu, bizitza haren ondoan, eta borrokalari politikoa izanda, jendeak, belaunaldi berriek jakingo dute haren teoriak zeintzuk ziren eta noraino iristen zen bere integritatea, ezagutu zutenengan utzi duen oroimenagatik.

Baina desagertu bat itsasoak gure oroimenaren ur baretuetara aldika jaurtitzen duen naufragoa da, aldiro itxuraldaturik, aldiro susmo alarmanteak pizten.

Zeren non dago? galdera egiten den bakoitzean itaun berriak pizten baititu garai hura ezagutu ez zutenengan, esanez nor zen?, non bizi zen?, zer egiten zuen? (...).